XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Bertako biztanleek diotenaren arabera, Santa-Grazi mendiz inguraturik dago, bakoitzak bere izena duelarik.

Adineko artzain batzuek diotenez, garai batean inguru guztiari Ûnhûrûz deitzen zitzaion, eta argitu beharra dago Kakuetako arroiletik hegomendebaldera gertu den gailur batek ere izen horixe duela.

Hala ere, santagraztar gehienentzat hitz horrek ez du esanahi berezirik.

Gizonek eta emakume batzuek inguruko mendi guztien izenak bazekizkitela adierazi arren, ez zekiten Santa-Grazik zenbat mendi zituen eta, are gehiago, zenbatzeari ez zioten inolako baliagarritasunik ikusten.

(Neuk kalkulatu ahal izan dudanez, herriko mugen barruan laurogeita hamar mendi baino gehiago izendatzen dituzte.)

Jendearentzat, mendiaren izenak ez du garrantzirik.

Funtsezkoena, mendi horiek herriaren bueltan ûngûrû edo zirkulua osatzea da.

Herriko lurretan kokatutako mendiak, 850 metrotik 1.800 metrorainokoak dira.

Biarno eta Nafarroaren arteko mugan eta Santa-Grazitik hamar bat kilometrora Arlas, Auñamendi eta Hiru Errege Mahaia mendiek 2.044 eta 2.504 metro bitarteko altitudea dute.

Hegoaldera eta hegomendebaldera herriak Pirinioen mendebaldeko mendi handienak daude.

Ondoko Larrañe herrian Orhi mendiak 2.012 metro ditu.

Lakora mendiak (1.877 metro) Santa-Graziko hegoaldeko muga markatzen du eta aldi berean Frantzia eta Espainiaren arteko muga politikoa ere bai.